Ondare irabazi eta galerak

Azken aldaketa ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04

3/2014 Foru Arauko 41.2 artikuluetako b) eta c) letretan ezarritakoaren arabera, ez da egongo ondare irabazi edo galerarik:

3/2014 Foru Arauko 41.2.c) artikulua:

c) Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean aipatzen dituen enpresen edo entitateetako akzio edo partaidetzen kostu gabeko eskualdaketetan, ezkontidearen, izatezko bikote-lagunaren, aurreko ahaideen edo adoptatzaileen, edo ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde egiten direnean, betiere beharkizun hauek betetzen badira:

Lehena. Eskualdatzaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon behar du, izan absolutua izan baliaezintasun handikoa.

Bigarrena. Eskualdatzaileak zuzendaritza lanak egin izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin ditu jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide hutsa izatea ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.

Hirugarrena. Eskuratzaileak dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan mantendu behar du jaso duen enpresa edo akzio zein partaidetzak, non eta epe horren barruan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso-prozedura baten ondorioz. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du egin inolako xedapen egintzarik edo sozietate-eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapen balioa nabarmen murriztu dezakeenean.

Adierazitako mantentze epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.

Eskuratu ondoren zergadunak ondare elementuak atxiki badizkio jarduera ekonomiko bati, ezinbestekoa izango da elementu horiek etenik gabe egotea jarduerari atxikita eskualdaketa egin aurreko bost urteetan gutxienez.

c) letra honetan aurreikusitakoa gorabehera, akzioak eta partaidetzak eskualdatzen direnean, ondare irabazi edo galera bat egongo da jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkoak ez diren aktiboen balioak, jardueratik ondorioztatzen ez diren zorrekin gutxituak, eta entitatearen ondare garbiaren balioak elkarren artean duten proportzioari dagokion zatian. Hala badagokio, erregela horiek berak partaidetutako entitateen akzio eta partaidetzen balorazioan ere aplikatuko dira, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko. Aktibo bat jarduera ekonomiko bat garatzeko beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Zergadunak c) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.

3/2014 Foru Arauko 41.2.d) artikulua:

d) Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean aipatzen dituen enpresen edo entitateetako akzio zein partaidetzen eskualdaketetan, eskualdaketa horiek enpresan, entitatean edo taldeko entitateetan jarduten duen langile baten edo gehiagoren alde egiten direnean, baldin eta, aurreko c) letran aurreikusitako baldintzez gain, honako hauek ere betetzen badira:

Lehena. Langile eskuratzaileek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan izan behar dute lan egindakoak enpresan edo entitatean edo taldeko entitateetan. Ondorio horietarako, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora-tarteak lan egindako epealditzat hartuko dira.

Bigarrena. Aurreko letrako hirugarren baldintzaren lehen paragrafoan aipatutako bost urteko epea enpresa edo entitateko akzio edo partaidetzak eskualdatu diren egunetik aurrera konputatuko da. Eskualdaketa hori eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso beharko da, zerga administrazioari aurkezteko.

Langile eskuratzaileak ekarpenean ematen badizkio eskuratutako akzio edo partaidetzak langileek bakarrik partaidetutako entitate bati –entitate horiek aurrerago arautzen dira–, baldintza hau betetzen dela ulertuko da langile horrek aurreko paragrafoan aipatutako epea osatu arteko denboran mantentzen duenean partaidetza entitate horretan.

Hirugarrena. Aurreko bigarren baldintzan jasotako epean zehar, eskuratzaileek lanean jarraitu behar dute, langile gisa, entitatean edo taldeko entitateetan, edo, kasua bada, foru arau honen 24.1 artikuluan aipatzen den lan pertsonala jarraitu behar dute egiten entitatearentzat. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.

Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak ez dira bete gabetzat hartuko, bi kasu hauetan: eskualdaketa egin ondoren eta aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu baino lehen eskuratzaileak hiltzen direnean edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik entitatean lan egiteari uzten diotenean, eta, orobat, enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

Laugarrena. Aurreko bigarren baldintzan aurreikusitako epean zehar, eskuratzaile bakoitzak entitatean zuzenean edo zeharka izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena hirugarren graduraino, ezin da izan 100eko 20tik gorakoa. Entitatea talde bateko kide bada, aurreko baldintza taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.

Bosgarrena. Eskualdatzaileak zuzendaritza funtzioak betetzea entitatean, eta haiengatik jasotzen dituen ordainsariak ez izatea bere jarduera ekonomikoengatik eta lan pertsonalarengatik lortzen dituen etekin guztien 100eko 50 baino handiagoak, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6.Bi.d) artikuluko lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat, eta, gainera, aurreko c) letrako bigarren beharkizunean ezarritakoari jarraituz, eskualdaketaren unetik beretik zuzendaritza funtzio horiek egiteari uztea eta ordainsari gehiagorik ez jasotzea. Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide izate hutsa ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.

Entitate bateko akzio edo partaidetzen eskualdaketa bertako langileen edo taldeko entitateetako langileen alde egiten dela joko da, eskuratzailea entitate bat denean eta, gainera, entitate horrek baldintza hauek betetzen dituenean:

a’) Akzioak edo partaidetzak eskualdatzen dituen entitateko edo taldeko entitateetako langileak izatea partaide bakarrak, eta langile horiek d) letra honetan adierazitako lehen beharkizuna betetzea.

Entitateko akziodunen osaerari begira, ulertuko da entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez dela bete gabe geratzen bertan parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean erretiroa hartzeagatik edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik.

Era berean, ulertuko da entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez dela bete gabe geratzen partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hil diren langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilearen heriotzatik aurrera.

b’) Aktiboaren gutxienez 100eko 90 entitate horretako edo taldeko entitateetako akzio eta partaidetzek eratzea. Portzentaje hori zehaztearen ondorioetarako, diruzaintza ez da konputatuko aktiboan.

Entitatea eskualdaketa egin aurreko bi hilabeteetan eratu bada, edo epe horren barruan kapitala zabaldu badu diruzko ekarpenen bidez, b’) letrako beharkizuna eragiketa formalizatzen denetik aurrera exijituko da.

Langileek bakarrik partaidetutako entitateak, aurreko paragrafoetan aipatutakoak, bigarren beharkizunean adierazitako epean bete beharko ditu a’) eta b’) letretan ezarritako baldintzak.

Akzioak eta partaidetzak mantentzeko epea, bigarren beharkizunean aipatua, exijituko zaie bai langileek bakarrik partaidetutako entitateari, entitateak berak eskuratutako akzio eta partaidetzei dagokienez, eta bai langileei, entitatean dituzten akzio eta partaidetzei dagokienez. Langileek bakarrik partaidetutako entitatea desegiten bada epe hori bete aurretik, epea osatu beharko da bazkide langileek akzioak eta partaidetzak mantenduta.

Eskurapenak langileek bakarrik partaidetutako entitateek egiten dituztenean, entitatean parte hartzen duten langile horiei dagokie d) letra honetako hirugarren eta laugarren baldintzak betetzea.

Eskualdaketa egin ondorengo edozein unetan, d) letra honetako baldintzak betetzen ez badira, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu behar du baldintzak bete ez diren ekitaldiko autolikidazioan. Alde batera utziko da eskualdaketa bertako langileei egin zaien edo langileek bakarrik partaidetutako entitateei egin zaien. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.

Aurreko c) letrako azken-aurreko paragrafoan esandakoa d) letra honetan jasotako akzio eta partaidetzen eskualdaketan ere aplikatuko da.

Enpresen edo akzio zein partaidetzen eskualdaketa kostu bidezkoa izan bada, geroko eskualdaketa batean zer ondare irabazia edo galera izan den kalkulatzeko langileak kontuan hartu behar duen eskurapen balioa benetan ordaindutako zenbatekoa izango da. Aurrekoa ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren indarrez eskualdatzailearentzat ondare irabazi edo galeratzat hartu den eskurapenaren zatiari; zati horren proportzionala den eskurapen balioa zergaren arau orokorrei jarraituz zehaztuko da.

Letra honetan taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.

Zergadunak d) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.

d) letra honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko akzio eta partaidetzen eskualdaketa akzio edo partaidetza horien gaineko aukerak baliatuta egiten denean.

ONDARE GALERA KONPUTAEZINAK

3/2014 Foru Arauko 43 artikulua:

Honako hauek ez dira ondare galera gisa konputatuko:

a) Frogatu gabekoak.

b) Kontsumoaren ondorio direnak.

c) Inter vivos egintzetan kostu gabeko eskualdaketengatik sortutakoak, edo liberalitateen ondorio direnak.

d) Ondasun higiezinen kostu bidezko eskualdaketak direla medio sortutakoak, higiezin horiek salbuetsita zegoen kostu gabeko eskurapen batetik badatoz.

Hala ere, letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko zergadunak frogatzen duenean ondasun higiezinaren balioa aparteko zirkunstantziengatik gutxitu dela, edo, bestela, galera hori ondasuna besterentzeak edo eskuratzeak sortutako gastuetatik bakarrik datorrenean.

e) Zergaldian zehar jokoan izandako galerengatik gertatutakoak, baldin eta zergaldi berean jokoan lortutako irabaziak baino handiagoak badira.

Ez dira inoiz ere konputatuko foru arau honen hemezortzigarren xedapen gehigarrian aipatutako jokoetan parte hartzetik datozen galerak.

f) Ondare elementuak eskualdatzeagatik gertatutakoak, baldin eta eskualdatzaileak berriro eskuratzen baditu eskualdaketaren dataren hurrengo urtearen barruan. Ondare galera hau ondare elementua geroago eskualdatzen denean integratuko da.

g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onarturiko balore edo partaidetzak eskualdatzetik datozenak, baldin eta eskualdaketa horien aurreko edo ondorengo bi hilabeteetan zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu.

h) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan, finantza tresnen merkatuei buruzkoan, definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartzen ez diren balore edo partaidetzak eskualdatzetik datozenak, baldin eta eskualdaketa horien aurreko edo ondorengo urtean zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu.

Aurreko g) eta h) letretan aurreikusitako kasuetan, zergadunaren ondarean mantentzen diren balore edo partaidetzak eskualdatu ahala integratuko dira ondare galerak.

Tags:
Sortzailea ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia