Kenkaria langileak entitatea eratzeagatik

Azken aldaketa ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04

3/2014 Foru Arauko 89 quater artikulua:

1.  Zergadunek akzioak edo partaidetzak harpidetzen badituzte beraiek langile gisa jardungo duten entitateak eratzeko, zilegi izango dute zergaldian zehar helburu horretara eskudirutan bideratutako kopuruen 100eko 15 kentzea, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 20, emakumezkoen kasuan.

Aplikatutako kenkaria ezingo da izan urtean 1.200 eurotik gorakoa eskuratzailea gizona denean, eta urtean 1.800 eurotik gorakoa emakumea denean.

Kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez diren kopuruak ondorengo lau zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko muga errespetatuz.

Zergaldi jarraituetan zehar zergadun bakoitzak artikulu honen arabera kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 6.000 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 8.000 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.

2. Kenkari hau aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Harpidetzak entitate bat eratzea izan behar du xede. Entitatea eratu eta hurrengo sei hilabeteetan egiten diren harpidetzak ere xede horretakoak direla ulertuko da ondorio horietarako.

b) Entitateak ezin du egon lotuta beste inorekin, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 42.3 artikuluan ezarritako terminoetan.

c) Baloreak ezin dira egon onartuta merkatu arautuetan negoziatzeko.

d) Eratzen diren entitateek mikroenpresak edo enpresa txiki edo ertainak izan behar dute, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 13. artikuluan ezarritako terminoetan.

e) Zergadunek entitatea eratu eta gehienez sei hilabeteko epean hasi behar dute bertan jarduten langile gisa.

f) Langile bakoitzak entitatean duen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena -hirugarren gradura bitartekoak barne-, ezin da izan 100eko 40etik gorakoa.

g) Partaidetzaren 100eko 40 langileen esku egon behar du gutxienez.

h) Entitatea eratzeko akzio edo partaidetzen harpidetzan gutxienez zortzi langilek hartu behar dute parte.

Dena den, baldin eta eratutako entitatea sorrera berriko entitate berritzailetzat hartuta badago aipatutako foru arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, nahikoa izango da harpidetzan hiru langilek parte hartzea.

199Baldintza horiek, a), c) eta e) letretakoak izan ezik, entitatea eratu eta gutxienez hurrengo bost urteetan bete beharko dira. Entitate eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko g) letran arautako baldintza betetzea.

3. Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzioak edo partaidetzak entitatea eratu eta hurrengo bost urteetan mantendu behar dira gutxienez.

Ezinbestekoa da zergadunak epe horretan gutxienez jardutea langile gisa entitatean, salbu eta epe hori bete baino lehen hiltzen denean edo bertan lan egiteari uzten dionean kaleratua izateagatik edo haren alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortzeagatik. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.

Entitatea eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko aurreko paragrafoan araututako baldintza betetzea.

4. Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintza edo zirkunstantzietako edozein ez betetzeak berekin ekarriko du bidegabeki kendutako kopuruak itzuli behar izatea, berandutze interesak barne, non eta ez-betetzea ez den gertatu harpidetza egin duen langilea epe horren barruan hil delako, entitatetik kanporatua izan delako, edo entitatea konkurtso prozedura baten ondorioz likidatu delako.

Zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, bidegabeki kendutako kopuruari ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentziala gehituko zaio. Alabaina, zergadunak beti izango du aukera bidegabeki kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze interesak lehenago ordaintzeko.

Tags:
Sortzailea ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia