Kenkaria Ohiko etxebizitzan eguzki energia hornitzeko inbertsioenatik

Azken aldaketa ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04

3/2014 Foru Araua, 87 bis artikulua:

1. Zergadunek zergaldian ordaindutako kopuruen 100eko 15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute, kopuru horiek elementu hauek eskuratzeko erabili direnean:

a) Teknologia Garbien EAEko Zerrendari buruz Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak onartutako Aginduan definitzen diren ekipo osoak, betiere eguzki energia elektriko fotovoltaikoa ekoizteko moduko ekipoak badira.

b) Entitateen funts propioetan bazkide, akziodun, elkartekide, partaide edo antzeko eran parte hartzea dakarten akzioak, partaidetzak edo beste edozein eratako tresnak, baldin eta entitate horien xede soziala, nagusiki, energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa bilatzen duten proiektuak egitea bada aurreko a) letran aipatutako inbertsioak direla medio.

Bi unetan harpidetu beharko dira b) letra honetan aurreikusitako tresnak: entitatea eratzeko unean, edo, bestela, eraketa horren ondorengo bost urteetan egindako kapital zabalkuntza batean.

2. Kenkariaren oinarria honako hau izango da:

a) Aurreko 1. apartatuko a) letran aurreikusitako kasuan, egindako inbertsioen zenbatekoa.

b) Aurreko 1. apartatuko b) letran aurreikusitako kasuan, aipatutako entitateen funts propioetan parte hartzea dakarten tresnen eskurapen kostua.

Aurreko a) eta b) letretan xedatutakoaren arabera kalkulatutako kenkariaren oinarritik murriztu egingo da, hala badagokio, zergadunak elementu horiek eskuratzeko jaso dituen dirulaguntza salbuetsien zenbatekoa.

Energiaren kontsumoak eragindako gastuak ez dira inola ere kengarriak izango.

3. Aurreko 1. apartatuan aipatutako kontzeptuengatik zergadun bakoitzak hurrengo zergaldietan zehar kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 3.000 eurotik gorakoa.

4. Kuota osoa nahikoa ez izateagatik kentzen ez diren zenbatekoak hurrengo lau zergaldietan aplikatu ahal izango dira, betiere aurreko 3. apartatuan aurreikusitako mugak errespetatuz.

5. Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira, gutxienez bost urteko epean:

a) 1. apartatuan aipatutako elementuetatik lortzen den energia zergadunaren ohiko etxebizitza energiaz hornitzeko erabili beharko da.

Kenkariaren onuradunak bizi beharko du ohiko etxebizitza horretan, jabe, errentari, azpierrentari edo gozamendun gisa.

b) Aurreko 1. apartatuan jasotako elementuek kenkarirako eskubidea sortu badute, zergadunaren ondarean mantendu beharko dira.

c) 1. apartatuko b) letran aurreikusitako kasuan, zergadunak apartatu honetan adierazitako epean eduki dezakeen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ezingo da izan entitatearen kapital sozialaren edo haren boto eskubideen 100eko 10a baino handiagoa. Zergaduna familia unitate batean integratuta badago, muga hori aplikatzeari dagokionez, unitateko kide guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.

Apartatu honetan aurreikusitako bost urteko epea kontatzen hasiko da a) letran definitutako ekipo osoak abian jartzen diren egunetik edo 1. apartatuko b) letran aurreikusitako tresnak eskuratzen direnetik, dagokionaren arabera.

6. Aurreko apartatuan aipatutako baldintzak ez betetzeak bidegabeki kendutako zenbatekoak ordaindu beharra ekarriko du berekin, berandutze interesak barne, heriotza kasuan izan ezik. Ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kendutako kopurua gehitu beharko zaio ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentzialari. Hala ere, zergadunak aukeran izango du ordainketa hori lehenago egitea.

Aurreko apartatuan ezarri den bost urteko epea amaitu baino lehen a) eta b) letretan aurreikusitako baldintzetako bat bete gabe geratuz gero, aurreko paragrafoan aurreikusitako erregularizazioa ez da egingo, baldin eta, ez-betetzea egin aurreko edo egin ondorengo bi urteko epean, bi baldintza hauek betetzen badira: zergadunak gutxienez aurreko inbertsioaren –ez-betetzea izan duen inbertsioaren– pareko zenbateko bat inbertitzea berriro 1. apartatu horretan aipatzen diren elementuetan, eta inbertsio horiek aurreko apartatu horretan aurreikusitako epea osatzea, artikulu honetan jasotzen diren beharkizun eta baldintzekin.

Ondorio horietarako, ulertuko da ez-betetzea gertatzen dela zergadunarentzat ohiko etxebizitzak izaera hori galtzen duenean, hornidura amaitzen denean edo elementuak eskualdatzen direnean.

Inbertsio berriak ez du artikulu honetan aurreikusitako kenkarirako eskubiderik emango, salbu eta, hala badagokio, lehendik egindako inbertsioagatik kendu ez den zatian.

Tags:
Sortzailea ZERGA BIDEA 2024/10/16 11:04
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia