232 Eredua
SARRERA
Onarturik geratzen da 232 eredua, «Aitorpen informatiboa. Eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak» izenekoa, foru agindu honetan eranskin gisa jasotzen dena.
AURKEZTERA BEHARTUAK
1. 232 eredua aurkeztera eta, beraz, «eragiketa lotuen eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketa eta egoeren informazioa» ematera behartuta daude sozietateen gaineko zergaren zergadunak eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, bai eta atzerrian eratuta egonik Gipuzkoako Lurralde Historikoan errentak esleitzeko araubidean ari diren entitateak ere, baldin eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia aplikagarri bazaie eta pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketen edo paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketen eta egoeren berri eman behar badute, hurrengo apartatuetan xedatutako eran.
2. Zergadun horiek behartuta egingo dira «pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak» izeneko koadroa betetzera, baldin eta haien eragiketen zenbateko osoak 36.000 euroko merkatu balioa gainditzen badu.
36.000 euroko muga horretan BEZa ez da sartzen, eta pertsona edo entitate lotu bakoitzarekin egindako eta metodo berberarekin baloratutako mota bereko eragiketen multzoari dagokio.
Ez da egongo informazioa emateko obligazioa eragiketak honako hauek direnean:
a) Zerga baterakuntzako talde berean integratutako entitateen arteko eragiketak, baldin eta taldeak Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako araubidea hautatu badu.
b) Interes ekonomikoko taldeek, interes ekonomikoko taldeei buruzko apirilaren 29ko 12/1991 Legean ezarritakoari jarraituz, eta aldi baterako enpresa elkarteek, maiatzaren 26ko 18/1982 Legean, enpresa taldeen eta aldi baterako elkarteen eta eskualdeko industria garapenerako sozietateen zerga araubideari buruzkoan arautu eta dagokien erregistro berezian inskribatutakoek, beren kideekin edo Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako araubidea hautatu duen zerga baterakuntzako talde bereko beste entitate batzuekin egiten dituzten eragiketak.
c) Baloreak saltzeko edo erosteko eskaintza publikoen esparruan egiten diren eragiketak.
d) Espainiako Bankuak onartutako babes sistema instituzional batean integratutako kreditu entitateek beren artean egindako eragiketak, baldin eta eragiketa horiek zerikusia badute babes sisteman instituzional horrek araudi aplikagarrian ezarrita dauden beharkizunak betetzearekin.
3. «Pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak, aktibo ukiezin jakin batzuen errentak murrizten diren kasuan» izeneko koadroari dagokionez, zergadunak behartuta egongo dira hura betetzera, baldin eta, pertsona edo entitate lotuei ukiezin jakin batzuk lagatzeagatik eta, horren ondorioz, errentak lortzeagatik, aipatutako murrizketa aplikatzen badute, hain zuzen ere Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 37. artikuluan eta hogeita bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa.
Kasu honetan eskatzen den informazioa eman beharko da zenbatekoa edozein dela ere, eta informazioa eman beharretik salbuesten duten arrazoiak, artikulu honen 2. apartatuan jasotakoak, ez dira inola ere aplikagarriak izango.
4. Zergadunak behartuta egongo dira «Paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak» izeneko koadroa betetzera, paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan kokatutako pertsona edo entitateekin eragiketak egiten dituztenean, edo, bestela, herrialde edo lurralde horietan baloreak dituztenean, zenbatekoa edozein dela ere.
EDUKIA
Aurreko urtean aitortu behar zen epealdiko negozio zifraren zenbateko garbia jarriko da. Adibidez: 2018an aurkeztu behar den k omunikaziorako, Sozietateen gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errenta Zergaren 2017ko aitorpenari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia idatziko da. Normalean, negozio zifraren zenbateko garbi hori 2016an hasitako zerga ekitaldikoa izango da.
Idatzi zenbateko osoa, zenbaki hamartarrik gabe. Zergaldia urtebetekoa baino laburragoa izan bada, negozio zifraren zenbateko garbia urtearekin parekatuko da
AURKEZTEKO EPEA
Eman beharreko informazioari dagokion zergaldia amaitu ondorengo hamar hilabeteak bukatu eta hurrengo hilean aurkeztu beharko da eragiketa lotuen eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketen eta egoeren 232 eredu informatiboa.
AURKEZTEKO ERA ETA PROZEDURA
Aipatutako 232 eredua formatu elektronikoan baino ez da egongo eskuragarri, eta bide telematikoz aurkeztu beharko da.
Aurkezpen elektronikoa Internet bidez egingo da, ZERGABIDEA plataforma erabiliz.