Kenkaria langileak entitatea eratzeagatik

Última modificación por ZERGA BIDEA el 2020/09/11 11:59

3/2014 Foru Arauko 89 quater artikulua:

1. Zergadunek akzioak edo partaidetzak harpidetzen badituzte beraiek langile gisa jardungo duten entitateak eratzeko, zilegi izango dute zergaldian zehar helburu horretara eskudirutan bideratutako kopuruen 100eko 10 kentzea, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 15, emakumezkoen kasuan.

Zergaldi jarraituetan zehar zergadun bakoitzak artikulu honen arabera kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 1.200 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 1.800 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.

2. Kenkari hau aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Harpidetzak entitate bat eratzea izan behar du xede. Entitatea eratu eta hurrengo sei hilabeteetan egiten diren harpidetzak ere xede horretakoak direla ulertuko da ondorio horietarako.

b) Entitateak ezin du egon lotuta beste inorekin, urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, 42.3 artikuluan ezarritako terminoetan.

c) Baloreak ezin dira egon onartuta merkatu arautuetan negoziatzeko.

d) Eratzen diren entitateek mikroenpresak edo enpresa txiki edo ertainak izan behar dute, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 13. artikuluan ezarritako terminoetan.

e) Zergadunek entitatea eratu eta gehienez sei hilabeteko epean hasi behar dute bertan jarduten langile gisa.

f) Langile bakoitzak entitatean duen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena -hirugarren gradura bitartekoak barne-, ezin da izan 100eko 10etik gorakoa.

g) Partaidetzaren 100eko 75ek langileen esku egon behar du gutxienez.

Baldintza horiek, a) eta e) letretakoak izan ezik, entitatea eratu eta gutxienez hurrengo bost urteetan bete behar dira. Entitate eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko g) letran arautako baldintza betetzea.

3. Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzioak edo partaidetzak entitatea eratu eta hurrengo bost urteetan mantendu behar dira gutxienez.

Ezinbestekoa da zergadunak epe horretan gutxienez jardutea langile gisa entitatean, salbu eta epe hori bete baino lehen hiltzen denean edo bertan lan egiteari uzten dionean kaleratua izateagatik edo haren alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortzeagatik. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.

Entitatea eratu eta lehen sei hilabeteetan ez da exijituko aurreko paragrafoan araututako baldintza betetzea.

4. Aurreko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintza edo zirkunstantzietako edozein ez betetzeak berekin ekarriko du bidegabeki kendutako kopuruak itzuli behar izatea, berandutze interesak barne, non eta ez-betetzea ez den gertatu harpidetza egin duen langilea epe horren barruan hil delako, entitatetik kanporatua izan delako, edo entitatea konkurtso prozedura baten ondorioz likidatu delako.

Zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, bidegabeki kendutako kopuruari ez-betetzea gertatu den zergaldiko kuota diferentziala gehituko zaio. Alabaina, zergadunak beti izango du aukera bidegabeki kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze interesak lehenago ordaintzeko.

Etiquetas:
Creado por ZERGA BIDEA el 2020/09/11 11:40
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia