Kenkaria enpresa berrietan edo osatu berrietan inbertitzeagatik

Última modificación por ZERGA BIDEA el 2020/09/11 11:56

3/2014 Foru Arauko 89 bis artikulua:

1. Zergadunek zilegi izango dute zergaldian ordaindutako kopuruen 100eko 20ko kenkaria aplikatzea enpresa berrien edo sortu berrien akzioak edo partaidetzak harpidetzeagatik, baldin eta hurrengo 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa betetzen bada. Kapitalari aldi baterako ekarpena egiteaz gainera, beren ezagupen enpresarial eta profesional egokiak ere jarri ahal izango dituzte inbertitzen duten entitatea garatzeko.

Kenkariaren oinarria harpidetutako akzio edo partaidetzen eskuratze balioa izango da, eta gehienez urteko 50.000 euro izango dira. Halaber, urteko gehienezko kopuru kengarriak ezin du gainditu zergadunari zerga honetan dagokion oinarri likidagarriaren % 10.

Aurreko mugak gainditzeagatik kendu ez diren kopuruak, ondorengo eta bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako autolikidazioetan aplikatu daitezke, baina muga berdinak errespetatuz.

2. Eskuratutako akzio edo partaidetzen entitateak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Sozietate anonimo, erantzukizun mugatuko sozietate, lan sozietate anonimo edo erantzukizun mugatuko lan sozietatea izan behar dute, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lan sozietateei eta partaidetutako sozietateei buruzko urriaren 14ko 44/2015 Legean ezarritako baldintzetan, eta ezin dira egon negoziatzeko onartuta ezein merkatu antolatutan. Baldintza hori akzioa edo partaidetza edukitzen den urte guztietan bete beharko da.

b) Jarduera ekonomiko berri bat egin behar dute, eta jarduera horrek bere garapenerako behar dituen giza baliabide eta baliabide material guztiak izan behar ditu.

Ondare sozietateei dagokienez, baldintza hau ez dagoela beteta ulertuko da bategiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, aktibo eta pasibo guztien lagapenen, jarduera adarren ekarpenen, ekonomia intereseko taldeen edo aldi baterako enpresa elkarteen ondorioz sortutakoen kasuan, ezta jarduera ekonomiko berri baten sorrera egiaz eta benetan ez dakarren beste edozein forma edo eragiketaren bidez sortutakoen kasuan ere.

c) Entitatearen funts propioen zenbatekoa ezingo da 400.000 eurotik gorakoa izan zergadunak akzioak edo partaidetzak eskuratzen dituen zergaldiaren hasieran.

Entitatea sozietate talde baten partea denean —Merkataritzako Kodearen 42. artikuluaren zentzuan—, funts propioen zenbatekoa talde horretako sozietateen multzoari dagokiola ulertuko da, kontuan izan gabe egoitza edota urteko kontu bateratuak azaldu beharra.

3. Aurreko 1. apartatua aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitatea eratzen den unean bertan eskuratu behar ditu zergadunak akzioak edo partaidetzak, edo, bestela, hura eratu ondorengo bost urteetan egindako kapital zabalkuntza bidez. Ezinbestekoa da eskuratutako akzio eta partaidetzak haren ondarean mantentzea hiru urtetik hamabi urte bitarteko epean.

b) Zergadunaren partaidetza zuzena edo zeharkakoa, haren ezkontideak edo izatezko bikoteak edo hari ahaidetasunez lotuta dagoen —zuzeneko edo zeharkako lerroan, odolkidetasunez edo ezkontza bidez, bigarren mailaraino eta maila hori barne— edozein pertsonak entitate berean dituenarekin batera, ezin da izan entitatearen gizarte kapitalaren edo zergadunaren boto eskubideen % 40 baino handiagoa, partaidetza daukan urte naturaletako ezein egunetan.

c) Akzio edo partaidetzak ez izatea lehendik beste titularitate baten bidez egiten zen jarduera bera egiten duen entitate batean.

4. Zergadunak ezin du eduki entitate partaidetuarekin ordainpeko harreman bat, izan laborala izan merkataritzakoa, kenkari hau aplikatzea dakarrena baino, salbu eta mailegu kontratuetatik eta kontseilari edo administratzaile karguengatik eratortzen dena, betiere baldin eta azken hori lan harreman baten bidez gauzatzen ez bada. Baldintza hau aurreko 3. apartatuko a) letran aipatzen den edukitze-aldian bete beharko da.

5. Aurreko apartatuetako betekizunak ez betetzeak oker egindako kenkariak itzultzeko obligazioa ekarriko du, berandutza interesak barne. Ez betetzea egin zeneko zergaldiari dagokion kuota diferentzialari dagokion kopurua gehituz egingo da ordainketa hori. Ordea, zergadunak aukeratu dezake lehenago egitea oker egindako kenkariak itzultzeko diru sarrera, berandutza interesak barne.

6. Kenkaria egiteko, eskuratutako akzio edo partaidetzen entitateak eginiko egiaztagiria behar da, eta adierazi behar du eskuratu ziren zergaldian 2. apartatuko baldintzak bete zirela.

Etiquetas:
Creado por ZERGA BIDEA el 2020/09/11 11:41
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia