Kenkaria langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik

Azken aldaketa ZERGA BIDEA 2019/11/04 12:44

3/2014 Foru Arauko 89 artikulua:

1. Zergadunek 100eko 15eko kenkaria egin ahal izango dute, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 20koa, emakumezkoen kasuan, zergaldian zehar eskudirutan ordaindutako kopuruengatik, kopuru horiek ondoren aipatzen diren entitateetako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko erabili dituztenean. Entitate horiek izan daitezke:

a) Langileek lan egiten duten entitatea, betiere eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan bertan lan egindakoak badira.

b) Langileek lan egiten duten entitatearen taldeko edozein entitate. Kasu honetan, ezinbesteko beharkizuna izango da eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan jardun izana langileek taldeko entitateetan, eta, ondorio horietarako, taldea osatzen duen entitate multzoa hartuko da kontuan.

c) Baldintza hauek betetzen dituen beste edozein entitate:

    a’) Partaide bakarrak apartatu honetako a) eta b) letretan aipatzen diren entitateetako langileak izatea, eta langile horiek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan lan egindakoak izatea bertan, letra horietan jasotako eran.

    Entitateko akziodunen osaerari begira, entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez da bete gabetzat joko entitatean parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaielako.

    Era berean, entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez da bete gabetzat joko partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hildako langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilea hiltzen denetik aurrera.

    b’) Bere aktiboaren gutxienez 100eko 90, a) eta b) letretan aipatutako akzio edo partaidetzek eratzea. Portzentaje hori zehaztearen ondorioetarako, diruzaintza ez da konputatuko aktiboan.

    Akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetu badira entitatea eratzeko edo kapitala zabaltzeko, entitateak bi hilabeteko epea izango du b´) letra honetako baldintza betetzeko.

2. Entitatean edo taldeko entitateetan lan egindako denbora konputatzeari begira –aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen da konputu hori–, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora-tarteak ere lan egindako epealditzat hartuko dira.

3. Urteko kenkaria ezingo da izan 1.500 euro baino handiagoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 2.000 euro baino handiagoa, emakumezkoa denean.

Kopuruak ezin badira kendu aurreko paragrafoan ezarritako mugak gainditzeagatik edo kuota osoa nahikoa ez izateagatik, hurrengo lau ekitaldietan kendu ahal izango dira, betiere aipatutako mugak errespetatuz.

Zergaldi jarraituetan zehar zergadun bakoitzak artikulu honen arabera kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 6.000 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 8.000 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.

4. Gainera, kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete behar dira:

a) 1. apartatuan aipatzen diren akzio edo partaidetzak ezin dira izan negoziagarriak balore merkatu arautuetan.

b) 1. apartatuko a) eta b) letren kasuan, ezinbestekoa da entitateek ez betetzea ondare sozietateak izateko baldintzak, hain zuzen ere Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 14.1.a) artikuluan ezarritakoak.

1. apartatuko c) letraren kasuan, baldintza hori entitateak edo entitateek bete beharko dute, haren edo haien akzio edo partaidetzak letra horretan aurreikusita dagoen 100eko 90ko portzentajea zehazteko konputatzen badira.

c) Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzio edo partaidetzak bost urtez mantendu behar dira gutxienez, salbu eta langile eskuratzaile edo harpideduna epe horren barruan hiltzen denean, entitateak kalean uzten duenean, edo entitate hori konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

Akzio edo partaidetzak eskuratzen edo harpidetzen dituen langileak ekarpenean ematen badizkio akzio edo partaidetza horiek 1. apartatuko c) letran aipatutako entitateetako bati, baldintza hau betetzen dela ulertuko da langile horrek aurreko paragrafoan aipatutako epea osatu arteko denboran mantentzen duenean partaidetza entitate horretan.

1. apartatuko c) letraren kasuan, akzio edo partaidetzak mantentzeko beharkizuna bete beharko dute bai langileek bakarrik partaidetutako entitateak, entitate horrek eskuratutako edo harpidetutako akzio edo partaidetzei dagokienez, eta bai langileek berek, beraiek bakarrik partaidetutako entitatearen akzio edo partaidetzei dagokienez. Azken entitate hori desegiten bada epe hori bete baino lehen, epea osatu beharko da bazkide langileek haren titulartasunekoak ziren akzio edo partaidetzak mantenduta.

d) Apartatu honetako c) letran aurreikusitako epean, ezinbestekoa da eskuratzaileak edo harpidedunak lanean jarraitzea dela entitatean bertan dela taldeko beste batean, salbu eta epe hori bete baino lehen hiltzen bada, edo bertan lan egiteari uzten dio kaleratua izan delako edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaiolako. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.

1. apartatuko c) letraren kasuan, entitatean esklusibotasunez parte hartzen duten langileei dagokie baldintza hau betetzea.

e) Akzio edo partaidetzak 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren entitateetan eskuratzen edo harpidetzen badira, langile bakoitzak zuzenean edo zeharka bertan izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena hirugarren graduraino, ezin da izan 100eko 20tik gorakoa apartatu honetako c) letran aurreikusitako epean. Entitatea talde bateko kide bada, baldintza hori taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.

1. apartatuko c) letraren kasuan, entitatean esklusibotasunez parte hartzen duten langileei dagokie baldintza hau betetzea, ez entitateari.

5. 4. apartatuko baldintzak edo 1. apartatuko c) letrako portzentajea, aktiboaren osaerari buruzkoa, ez betetzeak bost urteko epearen barruko edozein egunetan, kendutako kopuruak itzuli beharra ekarriko du berekin, berandutze-interesak barne. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kendutako kopuruari baldintza bete ez den zergaldiko kuota diferentzialari batu behar zaio. Dena den, zergadunak beti izango du aukera kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze-interesak lehenago ordaintzeko.

1. apartatuko c) letran aipatzen diren entitateetako akzio eta partaidetzen eskurapen edo harpidetzetan, langileren batek, edo bat baino gehiagok, ez baditu betetzen 4. apartatuko c), d) eta e) letretan ezarritako beharkizunak, langile horiek bakarrik izango dute kendutako kopuruak erregularizatzeko obligazioa.

1. apartatuko c) letraren b’) letran aktiboaren osaerari buruz aipatzen den portzentajea ez betetzeagatik lehen paragrafoan ezarrita dagoen obligazioa ez da zertan bete beharko, baldin eta ez-betetze hori gertatu bada taldeko entitate bat edo batzuk, zeinen akzio edo partaidetzak konputatzen baitira portzentajea zehazteko, konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatu badira, eta ez-betetze hori bi hilabeteko epean zuzentzen bada. Entitateen akzio edo partaidetzak konputagarriak badira aktiboaren 100eko 90eko portzentajea zehazteko, eta entitate horiek guztiak konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen badira, ez da exijitu ez-betetze hori zuzentzea.

6. Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskurapena akzio edo partaidetzen gaineko aukerak baliatuta egiten denean.

7. Artikulu honetan taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.

Tags:
Sortzailea ZERGA BIDEA 2019/11/04 12:44
Zerga Bidea
2017 Gipuzkoako Foru Aldundia