232 Eredua
SARRERA
Onarturik geratzen da 232 eredua, «Aitorpen informatiboa. Eragiketa lotuak eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak» izenekoa, foru agindu honetan eranskin gisa jasotzen dena.
AURKEZTERA BEHARTUAK
1. 232 eredua aurkeztera eta, beraz, «eragiketa lotuen eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketa eta egoeren informazioa» ematera behartuta daude sozietateen gaineko zergaren zergadunak eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, bai eta atzerrian eratuta egonik Gipuzkoako Lurralde Historikoan errentak esleitzeko araubidean ari diren entitateak ere, baldin eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia aplikagarri bazaie eta pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketen edo paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketen eta egoeren berri eman behar badute, hurrengo apartatuetan xedatutako eran.
2. Zergadun horiek behartuta egingo dira «pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak» izeneko koadroa betetzera, baldin eta haien eragiketen zenbateko osoak 36.000 euroko merkatu balioa gainditzen badu.
36.000 euroko muga horretan BEZa ez da sartzen, eta pertsona edo entitate lotu bakoitzarekin egindako eta metodo berberarekin baloratutako mota bereko eragiketen multzoari dagokio.
Ez da egongo informazioa emateko obligazioa eragiketak honako hauek direnean:
a) Zerga baterakuntzako talde berean integratutako entitateen arteko eragiketak, baldin eta taldeak Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako araubidea hautatu badu.
b) Interes ekonomikoko taldeek, interes ekonomikoko taldeei buruzko apirilaren 29ko 12/1991 Legean ezarritakoari jarraituz, eta aldi baterako enpresa elkarteek, maiatzaren 26ko 18/1982 Legean, enpresa taldeen eta aldi baterako elkarteen eta eskualdeko industria garapenerako sozietateen zerga araubideari buruzkoan arautu eta dagokien erregistro berezian inskribatutakoek, beren kideekin edo Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren VI. tituluko VI. kapituluan ezarritako araubidea hautatu duen zerga baterakuntzako talde bereko beste entitate batzuekin egiten dituzten eragiketak.
c) Baloreak saltzeko edo erosteko eskaintza publikoen esparruan egiten diren eragiketak.
d) Espainiako Bankuak onartutako babes sistema instituzional batean integratutako kreditu entitateek beren artean egindako eragiketak, baldin eta eragiketa horiek zerikusia badute babes sisteman instituzional horrek araudi aplikagarrian ezarrita dauden beharkizunak betetzearekin.
3. «Pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak, aktibo ukiezin jakin batzuen errentak murrizten diren kasuan» izeneko koadroari dagokionez, zergadunak behartuta egongo dira hura betetzera, baldin eta, pertsona edo entitate lotuei ukiezin jakin batzuk lagatzeagatik eta, horren ondorioz, errentak lortzeagatik, aipatutako murrizketa aplikatzen badute, hain zuzen ere Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 37. artikuluan eta hogeita bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa.
Kasu honetan eskatzen den informazioa eman beharko da zenbatekoa edozein dela ere, eta informazioa eman beharretik salbuesten duten arrazoiak, artikulu honen 2. apartatuan jasotakoak, ez dira inola ere aplikagarriak izango.
4. Zergadunak behartuta egongo dira «Paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak» izeneko koadroa betetzera, paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan kokatutako pertsona edo entitateekin eragiketak egiten dituztenean, edo, bestela, herrialde edo lurralde horietan baloreak dituztenean, zenbatekoa edozein dela ere.
EDUKIA
1. Eragiketa lotuen eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketa eta egoeren aitorpen informatiboa aurkezteko 232 ereduak badu lehen apartatu bat «pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak». bertan aitortzeko. Informazio hori betetzeko garaian, bereizita zehaztu behar dira sarrera eragiketak, batetik, eta ordainketa eragiketak, bestetik, eta haien artean ezin da konpentsaziorik egin, nahiz eta kontzeptu berekoak izan. Pertsona edo entitate lotu bakoitzarekin egin diren eragiketak mota bereko eragiketatan multzokatuta aitortu behar dira, betiere metodo berberarekin baloratu badira. Mota bereko eragiketak balorazio metodo diferenteekin baloratu badira, erregistro diferentetan sartu beharko dira. Sarrera edo ordainketa eragiketa bakoitzerako, informazio hau emango da:
a) Pertsona edo entitate lotuaren identifikazio fiskaleko zenbakia. Entitate hau ez egoiliarra bada eta IFZ zenbakiaren karaktere guztientzat espazio nahikoa ez badago, karaktere hauen informazioa ondorengo “deiturak-izena/sozietatearen izena” atalean ipini beharko da.
b) Pertsona edo entitate lotua pertsona fisikoa edo juridikoa den.
c) Pertsona edo entitate lotuaren deiturak eta izena edo sozietate izena.
d) Lotura mota, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren 42.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, kode hauetako bat adieraziz:
-01 kodea: entitate bat eta bertako bazkide edo partaideak.
-02 kodea: entitate bat eta bertako kontseilari edo administratzaileak.
-03 kodea: entitate bat eta bertako bazkide, partaide, kontseilari edo administratzaileen ezkontideak, izatezko bikotekideak edo hirugarren mailarainoko ahaideak.
-04 kodea: talde bereko bi entitate.
-05 kodea: entitate bat eta beste entitate bateko kontseilari edo administratzaileak, baldin eta bi entitateak talde berekoak badira.
-06 kodea: bi entitate, baldin eta lehenengoak gutxienez 100eko 25eko zeharkako partaidetza baldin badu bigarrenaren kapital sozialean edo funts propioetan.
-07 kodea: bi entitate, baldin eta bertako bazkideek edo partaideek edo haien ezkontideek, izatezko bikotekideek edo hirugarren mailarainoko ahaideek, gutxienez 100eko 25eko partaidetza baldin badute kapital sozialean edo funts propioetan.
-08 kodea: Espainiako lurraldean egoitza duen entitate bat eta entitate horrek atzerrian dituen establezimendu iraunkorrak.
-09 kodea: Espainiako lurraldean egoitzarik ez duen entitate bat eta entitate horrek lurralde horretan dituen establezimendu iraunkorrak.
-10 kodea: talde bereko bi entitate, talde horrek sozietate kooperatiboen taldeen araubidean tributatzen badu.
e) Probintziaren kodea, pertsona edo entitate lotuaren egoitza Espainiako lurraldean badago, edo egoitza herrialdearen kodea, haren egoitza Espainiako lurraldean ez badago.
f) Eragiketa mota. Kasu honetan, eragiketa mota identifikatzeko, dagokion kodea jarri beharko da hurrengo zerrendaren arabera. Zerrenda horretan, kontzeptu guztiak diru-sarrera zein ordainketa eragiketei dagozkie.
–1 gakoa: Salmentak.
–2 gakoa: Erosketak.
–3 gakoa: Maileguak.
–4 gakoa: Errentamenduak.
–5 gakoa: Erabilera lagapenak.
–6 gakoa: Beste zerbitzu prestazio batzuk.
–7 gakoa: Beste batzuk.
g) Diru-sarrera edo Ordainketa idatzi beharko da, eragiketa motaren arabera.
h) Balorazio metodoa, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren 42.4 artikuluan jasotakoaren arabera, kode hauekin:
-01 kodea. Prezio libre alderagarriaren metodoa.
-02 kodea. Kostu gehituaren metodoa.
-03 kodea. Birsalmenta prezioaren metodoa.
-04 kodea. Emaitza banatzeko metodoa.
-05 kodea. Eragiketa guztien marjina garbiaren metodoa.
-06 kodea. Oro har onartutako beste metodo batzuk.
i) Eragiketaren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe.
2. “Pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak, aktibo ukiezin jakin batzuen errentak murrizten diren kasuan (2/2014 FAren 37. artikulua eta 22. xed. irag.)» apartatuak informazio hau jaso behar du:
a) Lehenik, entitate nagusiaren identifikazio datuak (identifikazio fiskaleko zenbakia eta sozietate izena; probintziaren kodea, egoitza Espainiako lurraldean badago, edo egoitza herrialdearen kodea, egoitza hori Espainiako lurraldean ez badago). Entitate hau ez egoiliarra bada eta IFZ zenbakiaren karaktere guztientzat espazio nahikoa ez badago, karaktere hauen informazioa “deiturak-izena/sozietatearen izena” atalean ipini beharko da.
b) Gero, eta bereizita pertsona edo entitate lotu bakoitzeko, zer errentak murrizten diren, informazio honekin:
1.º Pertsona edo entitate lotuaren identifikazio fiskaleko zenbakia. Entitate hau ez egoiliarra bada eta IFZ zenbakiaren karaktere guztientzat espazio nahikoa ez badago, karaktere hauen informazioa ondorengo “deiturak-izena/sozietatearen izena” atalean ipini beharko da.
2.º Pertsona edo entitate lotua pertsona fisikoa edo juridikoa den.
3.º Pertsona edo entitate lotuaren deiturak eta izena edo sozietate izena.
4.º- Probintziaren kodea, pertsona edo entitate lotuaren egoitza Espainiako lurraldean badago, edo egoitza herrialdearen kodea, haren egoitza Espainiako lurraldean ez badago.
5.º- Lotura mota, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren 42.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aurreko apartatuko d) letran ageri diren kodeetatik dagokiona jarriko da:
6.º Eragiketaren zenbatekoa, murriztapena aplikatu aurretik eta balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe.
3. “Paradisu fiskal gisa sailkatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketak eta egoerak” apartatuan honako hau jaso beharko da:
a) Paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketen lehen koadroari dagokionez:
1.º Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan egoitza duten pertsona edo entitateekin egindako eragiketaren deskripzioa (edo haiek egindakoarena), eta herrialde edo lurralde horietan egoitza duten pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako eragiketen zerbitzu gastuak, bai eta horietan egindako inbertsioak eta gastuak ere.
2.º Eragiketak zer pertsona edo entitaterekin egin diren edo zeinek egin dituen: izena edo sozietate izena.
3.º Pertsona edo entitatea pertsona fisikoa edo juridikoa den.
4.º Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldearen kodea.
5.- Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetatik, zeinetan egin den gastua edo inbertsioa, edo, bestela, zeinetan duen kokatua bere egoitza eragiketak zuzenean edo zeharka egin dituen pertsona edo entitate lotuak.
6.º Aurreko 1. zenbakian aipatutako eragiketa, gastu edo inbertsioei dagokien zenbatekoa, benetako balioaren arabera konputatu behar dena.
b) Aitortzen den epealdiaren amaieran «paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten baloreak edukitzeari» buruzko koadroari dagokionez:
1.º Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten egoera mota posibleak, A, B edo C letrak adieraziz, xehetasun honen arabera
–A gakoa: Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeetan egoitza duten entitateen funts propioak adierazten dituzten baloreak edukitzea.
–B gakoa: Herrialde edo lurralde horietan eratutako inbertsio kolektiboko erakundeen baloreak edukitzea.
–C gakoa: Herrialde edo lurralde horietako bigarren mailako merkatuetan kotizatzeko onartuak diren errenta finkoko baloreak edukitzea. .
2.º Entitate partaidetua edo baloreak jaulkitakoa. Entitate partaidetuaren izena edo sozietate izena jarriko da egoera A edo B motakoa denean, eta baloreak jaulki dituen entitatearena C motakoa denean, aurreko zenbakian adierazitakoaren arabera.
3.º Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldea, ondoren zehazten denaren arabera:
–A gakoa: Entitate partaidetuaren egoitzako herrialdea, baldin eta aurreko 1. zenbakiko zutabean A mota adierazi bada.
–B gakoa: Entitate partaidetua eratu den herrialdea, baldin eta aurreko 1, zenbakiko zutabean B mota adierazi bada.
–C gakoa: Zer herrialde edo lurraldetan dauden kotizatzeko onartuta baloreak bigarren mailako merkatuetan, baldin eta aurreko 1. zenbakiko zutabean C mota adierazi bada.
4.º Erregelamenduz paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldearen gakoa.
5.º Baloreen eskurapen balioa. Eskurapen balioa konputatuko da, noiz eskuratu diren kontuan hartu gabe.
6.º Baloreen partaidetza portzentajea, baldin eta aurreko 1. zenbakiko zutabean A edo B mota adierazi bada.
4. Dagokion informazioa ematerakoan, erregela hauek hartu beharko dira kontuan:
a) Kontabilitateko gastu edo sarrerak dakartzaten eragiketetan, eragiketaren kontabilitate sortzapenaren irizpidea aplikatuko da, kobrantzaren edo ordainketaren diru korrontea noiz gertatu den kontuan hartu gabe.
b) Kontabilitateko gastu edo sarrerarik ez dakarten eragiketetan, eragiketa noiz egin den hartuko da kontuan, sortutako diru korrontea noiz gertatu den aintzat hartu gabe.
c) Ekitaldi batean baino gehiagotan luzatzen diren eragiketetan, eragiketaren balioa 36.000 eurotik gorakoa bada eta eragiketa indarrean badago hainbat ekitalditan, eragiketa egin den ekitaldiko informazio gehigarrian bakarrik eman behar da informazioa.
Denboran zehar irauten duten zerbitzu prestazioen kasuan, 36.000 euroko zenbatekoa konputatzeko eta zein unetan aitortu behar diren den zehazteko, eragiketak ekitaldi bakoitzean izan duen balioa hartu beharko da kontuan.
5. Artikulu honetan ezarritako informazioa eurotan adierazi beharko da.
AURKEZTEKO EPEA
Eman beharreko informazioari dagokion zergaldia amaitu ondorengo hamar hilabeteak bukatu eta hurrengo hilean aurkeztu beharko da eragiketa lotuen eta paradisu fiskal gisa kalifikatutako herrialde edo lurraldeekin zerikusia duten eragiketen eta egoeren 232 eredu informatiboa.
AURKEZTEKO ERA ETA PROZEDURA
Aipatutako 232 eredua formatu elektronikoan baino ez da egongo eskuragarri, eta bide telematikoz aurkeztu beharko da.
Aurkezpen elektronikoa Internet bidez egingo da, ZERGABIDEA plataforma erabiliz.